armes

Horrela irakurtzen dira : "Urdina, erdian bihotz gorri bat duen gurutze ainguratu hori batekin ; ezkutua haritz hostoz egin soka batekin inguratua".

Hazparne herriko armarriak, kidego edo kongregazio batean oinarritzen dira, hala nola 1821ean hemen kokatu ziren Diozesiako Misionestak. 1932an aipatuak dira lehen aldikotz (J.Meurgey), Hazparnekoak bezala. XX.mendearen hastapenean beraz herriak emeki emeki onartzen hasi zituen.

 HAZPARNEKO ARMARRIEN SINBOLIKA :

Eliza-armarria guziak bezala, sinbolismo azkarra dute, usu pentsamendu sakon baten eramaile. Eliztarrak dira gaur egun ere heraldista hoberenak.

Kurutzea, kristautasunaren adierazpena da. Kurutzeak kurutzefikatua irudikatzen du, Salbatzailea eta beraz Kristo. Kurutzea (bihotza bezala), anaidi edo kongregazio ainitzen armarrietan aurkitzen da. Espiritu iruditik, kurutzea gerla irudi bihurtzen da baita ere ; kurutzearen izenean dira europako zaldunak XIII. mendean leku sainduen berreskuratzera joaiten, Gurutzadak delakoak. Lur Sainduko gerlari ordenak denak manera berdinez armarrituak dira : Tenpluko zaldunak, Hilobi saindukoak, Jondoni Jakuerenak, Teutonikoak, Jondoni Joane Hospitalekoak (Malteko zaldunak bihurtuko direnak ugarte hortan kokatzean 1530ean). Kurutze itxura desberdin anitz badira: interesatzen zaiguna ainguratua dela erraiten da, haren adarrak itsas aingura batzu bezala bukatzen baitira.

Bihotzak, berriz hartzen du Jesusen Bihotz Sakratuari egiten zaion debozioa, Misionestak sustatuko dituena haien apostolutza denboran. Girixtinoentzat (Musulmanoentzat bezala funtsean), bihotza izpirituaren , zuhurtasunaren, eta bizi afektiboaren egoitza da, barneko gizonaren sinboloa da, bizi izpiritualaren gunea. Bihotz hori, denetan aurkitzen dugu haien kaperaren barnean, (Bihotz Sakratuko kapera) ; mahain sainduan forjatua da, haien hilarrian ageri da Hazparneko hilerrian, baita ere eliza dorrearen gainean den gaur egungo kurutzearen ordez zegoen estatuaren gainean.

Ezkututik (lauki urdina) kanpo dena, eta "kanpoko apaindura" deitzen dena, ez du garrantzi haundirik aditua ez denarentzat, apaintzeko egina da, armarrien sinbolika, ezkutu barnean irakurri behar da. Bainan eliztarrentzat (hizkuntza sakratua), denak badu bere garrantzia, keinu ttipiena mezu ekarle da. Ezkutua inguratzen duen "Haritz hosto soka" horrekin, Misionestek errezebitu dituen herria ohoratzen dute : Hazparne, Haritzen herria deitua zena jadanik.

KOLOREAK : 
Koloreak aipatzeko, heraldika mailan desberdintzen dira :
- esmailak: "gueules" (gorria), "l'azur" (urdina), "sinople" (perdea), eta "sable" (beltza), lehen koloreak.
metaleak: zilarra (xuria) eta urrea (horia)

Herriko armarrian :

Urdinak egia (edo Kristoren hitza) adierazten du, eta arimaren hilezintasuna fededunarentzat.

Gorria, su garbitzailearen eta arimen berritzailearen irudia da. Ohartzen gira gorria eta urdinaren arteko osagarritasunaz. Nahiz eta hilezina izan, arimak hala ere garbitua eta berritua izan behar du, hori ikasten dauku Bibliak.

Urrea (horia) da iguzkiaren kolorea, jainkoaren argia den iguzki hori. Fedea eta giza adimenaren argia da.

Horra biziki labur bilduz Hazparneko armarrietaz erran dezakeguna. Bainan armarria guzietan, arkatz ukaldi batzu eta kolore pixka baten gibelean, historia aberats eta gaizki ezagutu bat sumatzen ahal da, eta guri zaigu hau transmititzea.

Ce site utilise des cookies. En continuant à naviguer, vous nous autorisez à déposer un cookie à des fins de mesure d'audience.